Tokiko Gobernu Batzordeak 2024ko Azkena Rock Festival jaialdia babesteko kontratua ARF Vitoria-Gasteiz SL enpresari esleitzea onartu du. Zehazki, Vitoria-Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 379.999,89 eurorekin babestuko du jaialdia.

Mendizabalan egingo den jaialdia ekainaren 20tik 22ra izango da eta aurten ere lehen mailako kartela izango du nazioarteko artistei esker: Jane’s Addiction, Queens of the Stone Age, Band of Horses eta Sheryl Crow besteak beste.

Jaialdia 2002an sortu zen eta, 20 urte baino gehiagoren ondoren, hitzordu finko bihurtu da rock zaleen egutegian. Genero horretako jaialdirik onenetako bat da eta, urtero, milaka pertsona erakartzen ditu Gasteizera. Horrek guztiak hirian inpaktu ekonomiko eta turistiko positiboa sortzen du.

Bestalde, Tokiko Gobernu Batordeak Sports and Landscape SL enpresari San Martin kirolguneko 11ko eta 5eko futbol-zelaiak berritzeko obra-kontratua esleitzea onartu du. Lanen aurrekontua 586.820,17 eurokoa izango da eta 100 eguneko gauzatze-epea izango dute.

11ko futbol-zelaiak ia 7.000 metro koadro ditu eta 5eko futbol-zelaiak, aldiz, 1.000 baino gehiago. Gaur egun, handiena belar artifizialekoa da, baina egoera txarrean dago eta osorik ordezkatu behar da. Txikia, berriz, aurreko zaharberritze-lan baten ondorioz, asfaltozko zoladurarekin amaituta dago. Hori dela eta, han ere soropil artifiziala jartzeko egokitu egingo dute. 

Halaber, beroketak egiteko gune txiki berri bat prestatuko da. Izan ere, partida hasi aurretik taldeek beroketak egin ahal izateko espazioa falta zitzaion instalazioari. Eremu berri horri esker, kirol-instalazioaren erabilera optimizatu ahal izango da, partidak modu jarraituagoan antolatuta.