Lanbideko Administrazio Kontseiluak enplegua babesteko lau programaren deialdia onartu du 2024rako. Deialdiak 16,6 milioi euroko zuzkidura du. Eta hauxe du helburu: administrazio publikoan lehenengo lan-esperientzia eskuratzea (gazteei zuzendua), ekintzaileei laguntzea, prestakuntzarako errotzea eta laneratzea bultzatzea, eta, azkenik, lan-ingurunean prestakuntza digitala ematea.

Gaur berretsitako lehenengo deialdia Administrazio Publikoetan Lehenengo Esperientzia Profesionala programa finantzatzera bideratzen da. Orotara, 5,5 milioi euroko zuzkidura du. Eta Europar Batasuneko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da. Deialdiak hauxe du xede: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta sektore publiko instituzionaleko, autonomikoko eta tokiko erakundeek gazte langabeak kontratatzea (16 eta 30 urte bitartekoak). Horren bidez, gazteek lehenengo lan-esperientzia, gehi gaitasun eta trebetasun sozial eta profesionalak lortuko dituzte administrazio horiek emandako zerbitzuen esparruan. 

Azken urteotan garapen arrakastatsua izan du. Eta espero da aurtengo zuzkidurak 174 kontratu finantziatzea. Diruz lagundutako kontratazioen % 20 enplegu berdeetarako izan beharko dira; eta beste % 20 gaitasun digitaletarako.

Onartutako bigarren deialdiak xede du ekintzaileei laguntzea. Horretarako, aurten 3,9 milioi euro bideratuko dira. Laguntzak honako lau ildoren bidez gauzatuko dira: enpresa-ideia bat garatzea; proiektu berriak abian jartzea; proiektua ezartzea; eta, azkenik, enpresa-jarduera bat sendotzea. Deialdi honetan toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da ekintzaileei laguntzeko eta tutoretza emateko.

Zuzkidura horrekin aurreikusita dago pertsona kopuru hau finantziatzea: batetik, 270 sustatzaile enpresa-ideia bat garatzeko; bestetik, 70 pertsona jarduera berriak abian jartzeko; hirugarrenik, 230 onuradun proiektua ezartzeko; eta, azkenik, 700 pertsona proiektua sendotzeko.